ELKARTASUN GARAIA


ELKARTASUN GARAIA

XVI. Herrien Astea, 2011 urtea. Krisi globalaren zurrunbiloan, aurten munduko hainbat herrialdeetan eman diren altxamenduetan duintasunaren esanahiaz beteriko leku-izen-izar berriak piztu dira geure hiztegietan: Tarhir, Puerta del Sol, Sintagma, Plaza de Catalunya, Ocuppe Wall Street. Aldarri propio eta bereziak leku bakoitzean, bainan ahalegin eta nahi berdintsua mundu zabalean. Krisi globalaren aurka munduko herrietako %99aren aldarria entzun da. Herrien Astea ibilbide horretan kokatzen da.
Izan ere, munduko aberatsenek (%1a) 2008an hasitako krisia eztandarazi zutenetik, langile jendearen (%99aren) aurkako jazarpena geroz eta gogorragoa bihurtzen ari da. Etengabe, neurriz neurri eta diskurtsoz diskurtso, geure kontzientziatan beldurra, ezintasuna, etsipena, angustia eta sumisioa barneratu nahian dabiltzate. Eta ezinegon sentimendu hori zitalki xaxatuz, krisiaren errudunak zurituz baztertuen artean leiak, zatiketak eta elkarrekiko ezinikusiak sorrarazi nahi dituzte. Finantza erakundeak eta gobernu morroiak seinalatuz eta horiei aurre eginez mogituz, etsipenaren aurkako eta xenofobia eta arrazakeriaren aurkako ekintza funtsezkoak izan dira mobilizazio guzti horiek.
Hasieratik eta urte guzti hauetan, Herrien Astean geure artean bizi diren beste herrialdeetako kideak (etorkinak) ezagutzen eta elkarrekin kultura lantzen aritu gara. Geure artean etorkinak dira krisiaren kolperik latzenak jasaten ari direnak. Eta krisiaren aitzakian migrazio legalaren kontrola geroz eta estuagoa ezartzen ari da eta “paperik gabekoen” aurkako erasoa indartzen ari da. Alde batetik neurri eta baldintza legal eta instituzional gogorragoak; gainera indar politiko arrazistak, beldurrean eta arrokerian oinarrituriko diskurtso zital eta manipulatua erabiliz hazten ari dira; diskurtso horiek, azkenik, jendartean errotzen ari dira.
Mikelazulok, XVI. Herrien Astean, bilakaera honen aurrean gogoeta bat zabaldu nahi du:
***Emigratzea eskubidea da. Emigratzera bultzatzen duen pobrezia krimena den bezala, emigratzea bera eskubide bat da. Bizitzeko eskubidea da. Eta eskubide horri trabak jartzen zaizkio Europan eta estatuz estatu onartzen ari diren lege, neurri eta diskurtsoekin.
***Krisiaren eragileak ez dira etorkinak. Lotsagarria eta injustoa da ekonomiaren eta bizi baldintzen okerrera jotzearen kulpa etorkinen gain botatzea. Eta are zitalagoa instituzio polítiko nagusietatik eta hedabide handienetatik harrotzen ari den pentsaera: migrazioa merkatuaren aginduen pean jartzea, etorkinen kriminalizazioa, eta jatorriaren arabera giza-eskubideak bereiztea. Aitzitik, etorkinak izan daitezke krisiari aurre egiteko indar potentziala.
***Inbasio eta gatazka kulturalaren alarmismo gaizto guztietatik urrun, produkzio kulturalean diruaren jabeek duten kontrola da da arazoa. Eta arazoaren desitxuratzea da kultur desberdintasuna bihurtzea etorkinen eskubideari traba. Elkarrekin, bai, kultura kritiko, irekia eta anitza, eta horretan euskararen sendotasuna elkarrekin lantzeko abagunea dugu.
***Elkartasunaren garaia da. Baztertuen arteko elkartasuna lantzea premia nagusia da. Baztertuenak, etorkinak, lan horren muinean daude. Langabe eta prekario, prekario eta langile finko, gazte eta jubilatuak, gizonezko eta emakumezko, bertan jaioak eta kanpoan jaioak elkarrekin hartuak, gizartean %99ko kideak gara. Horretan beharko genduke batera jo instituzioek eta mota guztietako elkarteek.

No hay comentarios: