Marcia Perez Mejia Kaputxinoetan bizi izan da azken urteetan; gaur ordea,

Boliviara bidea hartuko du. Bere herrira doa, kanporatze agindu bati aurre egiteko gogorik gabe.
Borrokatzeko indarrik gabe
iñaki berrio
Zazpi urte pasatxo igaro dira Marcia Perez Mejia Euskal Herrira iritsi zenetik. Azken urteak Errenteria-Oreretako Kaputxinoetan pasa ditu, baina gaur badoa. Boliviara itzuliko da. Duela egun gutxi atxilotu egin zuten eta kanporatze agindua eman zion Espainiako Poliziak. Hemen bizi denetik bigarrenez jasotzen du dokumentua, hain zuzen.
Abokatuaren bulegotik pasa ondoren argi mintzo da Marcia Perez Mejia: «Abokatuak 300 euroko isuna ordaindu eta paperak egiteko esan dit. Baina ez dut indarrik, ez dut borrokatzeko gogorik eta banoa nire etxera».
Perezek bost seme-alaba topatuko ditu etxean, hiru mutil eta bi neska. Helduenak 19 urte ditu eta gazteenak zortzi. Seme-alabekin bizimodu berria hasteko eta proiektu berriak lantzeko gogoz itzuliko da bere herrialdera.
Paper guztien artean bat falta
Hamarnaka paper ditu Perezek poltsan. Hainbat titulu, lan egin duen tokietako agiriak... Guztiak ditu plastifikatuta, bat izan ezik. Abokatuak lan kontratu baten eredua eman dio. «Horrelako bat lortu behar dut abokatuak esan didanez. Hauxe da falta zaidan papera».
Kanporatze agindua jasotzen denean pasaportea kentzen diote etorkinari. Egoera hori pentsa litekeena baina gogorragoa dela dio Perezek. «Pasaporterik gabe ezin duzu etxera dirurik bidali, eta beste hainbat tramite egitea ere asko zailtzen da. Ni lan egitera etorri nintzen, nire herriaren ohiturak erakustera eta hemengoen berri ikastera, baina ez didate utzi». Minduta dago Perez, batez ere, atzerritartasun legearekin: «Gaizkile direnentzako lege bat egotea egoki ikusten dut, baina, asko gara lanera eta herri honi gure jakintza eskaintzera gatozenak».
Hala ere, dena ez da txarra izan Marcia Perez Mejiarentzat: «Orohar laguntza gutxi jaso dut, baina izan dira uharte moduko batzuk». Horien artean aipatu du Mikelazulo. Herriko elkartea Herrien Astea ospatzen ari dela hartuko du etxerako bidea boliviarrak. «Haiekin elkarlanean ibili naiz. Haien aldetik interesa ikusi dut, Bolivia zer den ezagutu nahi izan dute, eta niri herri honen berri eman didate. Oso aberasgarria izan da haiekin izan dudan harremana», dio Perezek.
Kaleko haurrak laguntzera
Haurrekin lan egitea da Marcia Perez Mejiaren ametsa, eta azaldu duenez orain iritsi zaio horretarako garaia. «Boliviara noa, Santa Cruzera, eta bertako politikariekin egoteko asmoa dut. Kaleko haur asko dago nire etxe inguruan eta haiei laguntzeko proiektu bat garatzeko asmoz noa».
Horrez gain, Euskal Herrian bizi izandakoaren berri emateko asmoa azaldu du. «Han espainiar asko dago, eta zein laguntza gutxi jaso dudan azalduko diet». Bestetik, Euskal Herrian egondako boliviarrekin bildu nahi du: «Haiek zein egoera latzak pairatu dituzten biltzeko asmoa daukat eta horien berri emango dut ahal dudan leku guztietan».

No hay comentarios: