AMBOLO, AKIVA Herrien Astearen harira

Ambolo (kaixo) eta Akiva (eskerrik asko) Gineako Fang hizkuntzako bi hitz dira. Gure lagun ginearrak Cristina Ndong-ek erakutsi zizkigun bi hitz horiek. Ikusten ginen bakoitzean “ambolo” esaten zigun zeru guztiak zirraran jartzen zituen irrifar zabal batekin; eta alde egiterakoan begirunezko “akiva” esaten zigun. Bi hitz horiek, eta berak esateko moduak, laburbiltzen dituzten egokien Herrien Astea egitasmoaren muina.
Izan ere, “ambolo” esaten zaio lagunari, eta horixe da herrien astearekin eraiki nahi den mundu berria. Ez gara inozoak, eta jakin badakigu “kaixo” hipokritak esan daitezkeela eta kaixo esan ondoren pateran edo auzo bazter batean edota Melillako harresietan gurutziltzatu daitezkeela gizakiak izanik nazionalak ez izan eta horregatik eskubiderik gabeak direnak eta horregatik susmagarriak, iraingarriak, humiliagarriak eta batez ere esplotagarriak direnak.
Eta “akiva” ezin da esan ez bada lehenagotik laguntasunezko harremana landu. Egia da “eskerrik asko eta gracias” esatea izan daitekeela menpean hartuta dagoenaren disimuloa edo serbilismoa, edota jauntxoen handikeriaren faltsukeria. Bainan “hitzaren etxea”-n (horrela deitzen diote Ginean herriaren batzar-guneari) ezin da hitza disimuloz, servilismos eta faltsukeriaz kutsatu.
Horrela bada, Herrien Astea funtsean “ambolo” eta “akiva” dira. Begirunez agurtu bestea eta elkarrekin egindakoa ospatu.
Izan ere, Herrien Astearen muina, bere zehaztapenak lotzen dituen haria, hasieratik landu nahi izan dugun jarrera honela azalduko genuke: munduko herri-kultura-hizkuntza aniztasuna aberasgarria da, balioetsi eta zaindu beharreko altxorra, besteak ezagutzeko aukera geure gizatasuna sakontzeko eta hedatzeko bidea baita. Horregatik, herrien arteko eta herri horietako pertsonen arteko harremana berdintasunezko erizpidetan oinarritzearen aldeko mezua Herrien Astearen muinean dago. Ezagutzaren eta Elkartasunaren bidea egin egin behar da.
Erreza badirudien arren, ez da diru eta teknikariekin konpontzen den kontua. Zailtasuna geure menpekotasun mentalaren eta geure bihotz gogortasunaren alorrean aurkitzen da. Zaila bait da gure gizartean boteretik goraipatzen diren eta ohikoak bihurtu nahi duten jokamoldeak ankaz gora jartzen saiatzea. Europako agintariek “Lotsaren Dekretua” onartzen dutenean, hemengo eta hango gobernuek etorkinak kanporatzen eta gure lurraldeetako ateak hesi eliktrifikatuz eta kontrol polizialen bidez isten ari direnean, komunikabideetan etorkinak gaizkile arriskutsu gisa aurkezten dutenean, polítiko lotsagabeek langabeziaren kulpa eta soluzioa etorkinen gain jarri nahi dutenean, ez da erreza esatea munduko baztertuak, hona etorriak batez ere, geure lagunak direla, aberasten gaituztela.
Munduko boteretsuenen gobernuek armagintza eta armak erabiltzea sustatzen dutenean ez da erreza, hipokresian eta etikarik gabeko espektakuloan erori gabe, herrien arteko berdintasuna eta elkartasuna lantzea.
Lelotzen gaituen turismo infantiloidea barra barra aldarrikatzen denean, horren gain negozio legalak eta inmoralak eraikitzen direnean, munduan zehar bidaiatzea geure aberastasun inmoralaren exhibizioa bihurtzen denean, desberdintasuna eta zurien arrokeria duen aisialdi-turistikoaren egituran sartuak gaudenean, zaila da inkomunikazioaren murru hori haustea eta berdintasunezko harremanak estimatzea eta lantzea. Mota honetakoak dira, adibide batzuk baizik ez dira, Herrien Astea lantzen saiatzen garenean aurkitzen ditugun trabak eta oztopoak.
Gure lurra eta lurraldea, irekiak nahi ditugu. Ez dugu milioika pertsonen gosearen gain eraikitzen den aberastasun inmoralik nahi; ez ditugu boteretsuen interesak defenditzeko gezurretan oinarritzen diren gerrak nahi; ez diegu ekonomiaren kudeatzaile eta pobrezia eta gosearen produktoreei inolako enpatiarik.
Hona hemen 2008ko Herrien Astean gure artera ekarri ditugun lurraldeak: Senegal, Guatemala, Bosnia, Kongo, Argentina, Brasil, Palestina, Bolivia. Hona hemen geure artean landu ditugun ekimenak: Aniztasunaren ahotsak, aniztasunaren argazkiak, munduko dantzak eta ipuinak, afari bosniarra, zine emanaldiak, lau erakusketa. Guzti honen oinarrian, urtez urte, goian aipaturiko asmoaren inguruan sendotzen ari den harreman-sarea.
Hemendik kanpora egindako bi bidai ez-turistikoen esperientziaren azalpena. Mikelazulok antolatu zuen Senegal-era bigarren espedizio kulturala. Esperientzia hari “Bide ikusezinak marrazki” izena jarri zitzaion eta erakusketa-ekitaldi modura (“Sentimenduen mapa”) eskeini zen Herrien Astean. Mikelazuloko kidelagun batzuk Guatemalan egin zuten bi hilabeteko egonaldia, bertako Cambalache kultur-proiektuari laguntza emanez eta haiengandik ikasten. Esperientzia horren inguruan erakusketa bat eta egindakoaren azalpenak eman ziren hitzaldi batean.
Handik hona egindako bidaiak lau izan ziren: Bosniako Srebrenicatik etorri zen talde bat (Srebrenicako amak eta gazte talde bat) eta Boliviatik etorri ziren “Las Bartolinas” emakume taldeko ordezkari batzuk. Palestinako erresistentzia presente egondu zen palestindar marrazkilari ospetsuenetako batek egindako “Handala” izeneko marrazki erakusketaren bidez. Eta handik etorritako “Mujeres del mundo, rostros que nos miran” erakusketa ikusi ahal izan genuen.
Elkarguneak sortzen. Joan etorri horiek gure herrian korapilatzen dira. Hemen ditugu senegaldarrak, boliviarrak, kitxuak eta arabiarrak, brasildarrak eta Europako ekialdetik etorritako ukraniarrak, errumanoak, errusiarrak eta polakoak, mongoliatarrak eta armeniarrak. Elkarguneak sortzea da Herrien Astearen erronka bat. Aurten saiatu gara hip-hop erritmo eta kanta eta dantzaren bidez elkarguneak sortzen. Ez dira besteentzat egiten dugun zerbitzu bat, elkarrekin sortzen dugun esperientzia baizik. Horregatik “aniztasunaren ahotsak”, bide emanez ikasteari eta norberaren sormenari. Horrela ikastaro bat egin zen eta gero ikasitakoaren mostra bat, festa bat. Brasilgo Samba Xe Funky hango-hemengo taldea da eta dantzan hemengo-hango jendea aritu zen. “Motema na ngai” dokumentala hemengo Juan Miguel Gutierrezek egindako maitasun poema bat da Afrika beltzako artistekin burutua. Zentzu berean Argentinan egindako sarraski ekologiko bati buruzko “La forestal, cenizas de una tierra desangrada” dokumentala, Telmo Iragorrik egina eta odolustutako lurralde hartako biztanleek kontatua, ikusi ahal izan genuen. Eta “aniztasunaren argazkiak” hemengo eta hangoen begietan gure hirian eta ohituretan eta geografian ematen ari diren aldaketen lekuko izan nahi zuten.
Cristina Ndong dugu gogoan. 2008ko Herrien Astea joan zen, eta duela hilabete bat Cristina zendu zen. Gogoan utzi digu ambolo eta akiva hitz biziak, eta bizitzan alaitasunez jokatzeko ahalmena. Urko da bere semea. Sufrimendu latzak igaro zituen, egoera korapilatu zitzaion, operazio kirurjikoak egin zioten, galduta eta noraezean ibili zen, bainan gogoan dugu gurekin Herrien Astea animatzen, gogoan dugu Mikelazulon euskara ikastaroan parte hartzen, gogoan dugu Txintxarrin Gineako Afaria antolatu genuenean jartzen zuen ilusioa, ireki zizkigun ateak eta egiten zuen lana.

Mikelazulo kultur elkartea.

No hay comentarios: